SUDURPUNTAN IKUSENTZUNEZKO LAGUNKETA Egiako Sintotxa Mugimenduaren baitan sortu genuen, 2011. urtean. Irrika handiz sortu ere, hain zuzen, ikusteko gosez geundelako, entzuteko egarriz.

“Sudurpuntan” izena jarri genion, hain juxtu, inork hala eskatu ez zigulako, sudur puntan jarri zitzaigulako. “Lagunketa” esaten diogu, ez dugulako lehiarik nahi, nahiago ditugulako lagunarteko txantxak eta adar jotzeak. Egiako jendearen artean sormenerako bideak zabaltzea da asmoa, hiriko zinemaldi ponpoxoak aparte utzita, herriko zinemagintza sustatzea. Horretarako sortu genituen hainbat sari:

MUKIZU saria, parte hartzaile gazteenarentzat
SUDURGORRI saria, pieza umoretsuenari
SUDURPUNK saria, bihurrienari
SUDURTXUKUN saria, kalitatezko piezarentzat.

Lehenengo edizioan, Egiako bi herritarren esku utzi genuen sarien ebazpena. Bigarrenean, aldiz, epaimahai ezezagun eta misteriotsu batek eman zuen epaia. Nolanahi ere, parte hartzaile guztiek jaso zuten sariren bat, parte
hartze hutsagatik.

Parte hartzea libre eta doakoa da. Sudur puntan jartzen zaizuena kameran sartu, pantailan moldatu, eta bidali. Adi aurtengo oinarriei, argi eta garbi daude-eta: ikus-entzunezko piezak Egian egina behar du, edo Egiatarrek egina, edozein hizkuntzatan; gutxienez 3 segundo, eta gehienez 3 minutukoa. Bidal ezazue zuen
lana, irailaren 7a baino lehen, honako helbidera: sintotxa@gmail.com

Beraz, ez dago aitzakiarik:
egin dezagun IKUSEZINA IKUSHARRY

Harry Totxak

Sudurpuntan-en lehendakaria